Basque Observatory of Human Rights
Pokopandegi bidea 9-2°
20018 Donostia
Euskal Herria - Basque Country
Basque Observatory of Human Rights
Pokopandegi bidea 9-2°
20018 Donostia
Euskal Herria - Basque Country

GEBehatokiak (Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia) ekimen instituzional baten buru izatea proposatu dio Imanol Pradales Lehendakariari, Espainiako Gobernuak deklaratu dezan Alfredo Espinosa Orive lehen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua epaitu zuen Gerra Kontseiluak, orain dela 87 urte baino gehiago, legez kanpokoa eta ez-legitimoa izan zela, diktadura frankistan heriotza-zigorra ezarri zion epaia deusez deklaratzea eta aitorpen eta erreparazio pertsonalaren deklarazioa egitea.
Ekimenak familiaren adostasuna du, eta Alfredo Espinosa Oriveren beharrezko ordaina eta duintasuna berreskuratzea du helburu. Espainiako Gobernuak uztailean frankismoak fusilatutako Lluís Companys Generalitateko presidenteari egindako antzeko adierazpenean oinarritzen da.
Memoria Demokratikoari buruzko Espainiako 20/2022 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko 9/2023 Legean oinarritzen da.
Azpimarratu behar dugu Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legeak erreparazio-mekanismo hori eskaintzen duela, eta, gure ustez, euskal instituzioek, erakundeek eta sindikatuek eta familiek eurek bereganatu behar dutela mekanismo hori, errepresaliatuen duintasunerako eskubidea erabiliz.
Gainera, Bilboko Udalari -1903-09-06an hor jaio zen- eta Gasteizko Udalari -1937-06-26an hor fusilatu zuten- proposatu die Lehendakariaren ekimen hori babes dezatela, baita beherago jasotako bi gomendio espezifiko ere.
Alfredo Espinosa Orive da frankismoak fusilatu zuen Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra, pilotuak traizio egin ziolako larrigarriarekin. Gerra Zibilean fusilatutako euskal kargu instituzional garrantzitsuena da, Euzkadiko lehen Gobernu autonomikoan Osasun sailburua izan zena Unión Republicanaren ordezkari gisa. Aurretik, Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen. Lanbidez medikua eta politikari errepublikanoa, traizionatu egin zuten, eta matxinatuen esku utzi. “Pobreen medikua” bezala ezaguna izan zen.
Erantsitako dokumentuaren atal historikoan ikus dezakezuen bezala, frankistek Bilbo gaineko aurrerapenaren aurrean, 1937ko ekainaren 11n “Warrior” ontzian abiatu zen Frantziara, Gorlizko erietxeko haurrekin batera, Eusko Jaurlaritzarako osasun-materiala erostera.
“Bere borroka lekura itzuli nahi zuen urgentziaz”, agertzen da garai hartako dokumentuetan. Horretarako, Jose Maria Yanguas izeneko pilotu asturiarrarekin harremanetan jarri zen. “60 bidaia baino gehiago egin zituen kontseilariak eta Agirre lehendakariaren konfiantzako beste pertsona batzuk garraiatuz”.
Ekainaren 21ean aireratu ziren Toulousetik, baina pilotuak traizio egin zien, matxura baten itxurak eginez eta frankistek jada kontrolpean zuten Zarauzko hondartzan lur hartuz. Lur hartu bezain laster, Julian Troncoso komandante matxinatuak atxilotu zuen.
Kontseilaria eta bere laguntzaile guztiak auzipetu zituzten, pilotu traidorea izan ezik. Espinosa Gasteizera eraman zuten, garai hartan frankisten alderdiarentzat erreferentziazko hiriburua zena, eta atxilotze zentro gisa erabilitako El Carmen komentuan espetxeratu zuten. Han galdeketa egin zioten eta prozesu sumarisimo bat jasan zuen. Kondena: heriotza-zigorra.
Azken orduak idazten eman zituen sailburuak. Lau gutun bidali zituen: bat emazteari, beste bat amari, beste bat Carlos Labra alderdikideari, eta azkena Agirre Lehendakariari berari. Lehendakariarekin, bere hitzik politikoenak: «Esaiozu gure herriari Jaurlaritzako sailburu bat ausart bezala hiltzen dela. […] Esaiezu ez naizela hiltzen ezergatik desohoragarria baizik eta guztiz kontrakoa, hainbeste urtetako borrokan legitimoki irabazitako beren askatasunak eta konkistak defendatzeagatik […]. Besterik ez, lagun maitea eta beti lehendakari. Besarkada handi bat eta Gora Euzkadi eta Gora Errepublika». Eranskinean gutun osoa, duen garrantzi politikoagatik.
Nabarmentzekoa da bere familiaren aurkako jazarpena. Erail izana ez zen oztopo izan espoliazio frankistak besoa bere oinordekoengana zabaltzeko, eta erantzukizun politikoengatiko 20 milioi pezetako kalte-ordaina eskatu zien 1948an, 1949an eta 1959an, aldizkarietan eta tokiko prentsan hainbat aldiz argitaratu ondoren.
Ekimen bakarra, hainbat erakundetara bideratua:
Espainiako Gobernuari. Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroari, Ángel Víctor Torres Pérez jaunari, eskatzen zaio Gobernuko Ministroen Kontseiluaren aurrean adierazpen solemne bat bultza dezala adierazteko duela 87 urte baino gehiago lehen Eusko Jaurlaritzako osasun-sailburua epaitu zuen gerra-kontseilua legez kanpokoa eta ez-legitimoa izan zela, bai eta diktaduran heriotza-zigorra ezarri zion epaia ere.
Imanol Pradales Lehendakariari. Eskaera ofiziala Espainiako Gobernuaren aurrean egin dezala eskatzen zaio, eta justizia lortzeko bideari ekiteko aukerak azter ditzala.
Vitoria-Gasteizko Udalari. Aurretik aipatutako Espainiako Gobernuari egindako eskaera babesteko eskatzen zaio, eta El Carmen komentu zaharrean jarritako plaka Alfredo Espinosa Oriveren datuekin osatzea gomendatzen diogu.
Bilboko Udalari. Eskaria babesteko eskatzen zaio, eta, figura instituzionalaren garrantzia kontuan hartuta, bere izena daraman kalean plaka bat jartzea gomendatzen diogu, bere konpromisoa eta bere heriotzaren inguruabarrak testuinguruan kokatzeko.
Justizia sendatzeko elementu gisa
Nazioarteko erakundeek zehaztasun handiz mugatu dituzte biktima guztien eskubideak, eta egian, justizian, erreparazioan eta berriro ez gertatzeko bermeetan kokatu dituzte.
Lege desberdinei esker, egia eta erreparazioa lortzeko urratsak ematen ari dira erakundeetan, eta horiek lehendik zegoen egia soziala eta aitorpen soziala berresten dute.
Hala ere, justiziarako sarbidea da oraindik gainditu gabeko ikasgai nagusia. Errealitate horri erantzun nahi dio gaur publiko egiten dugun ekimenak.
Ez errepikatzeko oinarriak finkatzeko, garrantzitsua da horrelako kasuak gizarteratzea eta belaunaldi berrien artean ere ezagunak izatea.
Frankismoaren biktimen familiek isiltasunetik, beldurrak ezarritako ostrazismotik bizi izan dute urte askoan euren mina. Bada garaia euren duintasuna berreskura dezaten, eta, gure ustez, instituzioek gidatu behar dituzte lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesu horiek. Legeak aurreikusten duenez, «erakunde publikoek, alderdi politikoek, sindikatuek, erakunde erlijioso edo militarrek eta 4.2 artikuluan jasotako antzekoek eskatu beharko dute deuseztasun-deklarazioa, kide anitzeko gobernu-organoak aldez aurretik hala adostuta, erakunde horietan kargua edo jarduera izan dutenei dagokienez».
Hori dela eta, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzako sailburua zenez, Imanol Pradales Lehendakariari eskatu diogu Espainiako Gobernuaren aurrean buru izan dadila eta, modu osagarrian, justizia lortzeko bideari ekiteko aukerak azter ditzala.