TXOMIN LETAMENDI MURUA KASUA

Bi ekimen berri ekainaren 26aren bezperan,Torturaren biktimen Nazioarteko Eguna

Erantzuleak hiltzeagatik jarritako kereila itxi ondoren, GEBehatokiak -Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia- bi ekimen berri plazaratu nahi ditu Txomin Letamendi Muruaren kasuari dagokionez (1950ean Madrilen torturen ondorioz hildako EAJ-PNVko militantea), bai Eusko Jaurlaritzak egia instituzionala aitortzearen arloan, bai egia judizialaren arloan.

Hori guztia, datorren abenduaren 20an, jasan zuen kalbarioaren ondorioz hil zela 75 urte beteko direla kontuan hartuta eta ekainaren 26aren bezperan ere, Torturaren Biktimen Nazioarteko Egunean.

TXOMIN LETAMENDI MURUA, TORTURAREN KASU PARADIGMATIKOA GURE HERRIAN

Txomin Letamendi Murua Francoren erregimenarekiko erresistentea izan zen, eta Donostian eta Bartzelonan torturatu zuten. Gerra Kontseiluaren menpe, bost urteko zigorra ezarri zioten matxinadarako konspirazio delituagatik. Itaunketen osteko endekapen fisiko eta psikikoak, eta ondoren Guadalajaran espetxeratzeak, heriotzara eraman zuten 1950eko abenduaren 20an. Hurrengo zazpi hamarkadetan Estatu torturak eta espetxeratzeak ekarriko lukeenaren kasu paradigmatikoa da: hasi Estatuko agenteek izandako zigorgabetasunetik, eta erakunde publikoen aldetik bere kasuak jasan duen utzikeriaraino. Gaur egun, Letamendik ez du inolako aintzatespen ofizialik.

Hori dela eta, bere seme-alabek prozesu judizial bat hasi zuten 2024ko abenduan, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian kereila aurkeztuta, galdeketetan parte hartu zuten bi polizia frankisten erantzukizuna zehazteko: Fernando Escudero Arcocha eta José Nogues Recoo. Kereila 20/2022 Memoria Demokratikoaren Legeak babesten zuen, zeinak 2.3 artikuluan ezartzen duen “gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak, genozidioarenak eta torturarenak preskribaezinak eta ez-amnistiagarriak” direla.

Instrukzio Epaitegi horretako epaileak tramitera onartu zuen kereila, bi polizia frankistak ikertzeko diligentziak eginez. Gipuzkoako Polizia Judizialaren Brigada Probintzialak jakinarazi zuen kereilatuetako lehena hilda ageri dela, eta bigarrenari buruz, berriz, “informazio gehiagorik ez dagoela” jakinarazi zuen. Epaileak, Escuderoren heriotza ezarriz eta Noguesena “suposatuz”, “erantzukizun kriminala azkentzeko kausatzat” jo zuen.

Familia eta GEBehatokia ados zeuden itxierarekin, epaitegia, gutxienez, ez zelako 1977ko Amnistia Legean babestu, baizik eta ikerketak hasi zituelako «gertakarien izaera eta inguruabarrak zehazteko». Arraildura horrek aitzinamendua ireki beharko luke beste kereiletarako, non hiltzaileak bizirik dauden eta, kasu batzuetan, gainera, ezagunak diren. Aurrerapauso garrantzitsua bunker judizial ukatzailearen testuinguruan: krimen horiengatik jarduerak irekitzea eskatzen zuten Espainiako Estatu osoko epaitegietan aurkeztutako 120 kereiletatik 115 ez dira onartu edo artxibatu egin dira.

Esan dezakegu Memoria Demokratikoaren Legea, bere alderdi penalean, berandu iritsi zela. Behin torturatzaileak desagertuta, ezin da askoz gehiago egin. Hala ere, oraindik Letamendi Muruak ez dauka merezi duen aitortza instituzionalik. Bere kasua ezaguna da, baina botere publikoek ez dute onartzen.

BI EKIMEN BERRI

Hori guztia dela eta, familiak, GEBehatokiaren bultzadarekin, gure oraintsuko memorian hutsune hori konpontzeko behar diren izapideak hasi ditu, bi alderditan:

  • Alde batetik, eskaera erregistratu dugu Eusko Jaurlaritzak izaera instituzionaleko aitorpen pertsonalizatua egin dezan, haren ohorea eta bidezko gogobetetze morala berreskura ditzan.[1] Eskubide hori arautzen duen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legean oinarrituta egiten da aitortza hori. Zehaztu nahi dugu, oraindik arautu gabe dagoen arren, prozedura honekin lehendakariak apirilaren 1ean lehen Eusko Jaurlaritzako sailburu Alfredo Espinosa Orive aintzatetsi zuela.[2]
  • Bestetik, 20/2022 Memoria Demokratikoaren Legeak gaitutako “borondatezko jurisdikzioan” oinarrituta errekonozimendu judiziala egiteko tramiteak hasi ditugu. Prozesu horrek ez dakar jada egileen jazarpen penala, baizik eta gertakarien ziurtagiri judiziala. Tortura, espetxean laguntzarik ez izatea eta, azkenik, heriotza bezalako gertaerak, eztabaidarik sortzen ez dutenak, inork zalantzan jartzen ez dituenak, baina epaitegi batek behin betiko berrestea eskatzen dutenak.

Hau da Euskal Herrian “Borondatezko Jurisdikzioaren” bidea eskatzen den lehen kasua, Letamendi Murua bezalako kasu paradigmatiko batekin ireki nahi dugun bidea, gaur egun erreakzio judizialik gabe dirauten Estatu beldurrezko beste hainbeste gertakariri atea irekitzeko helburuarekin. Oraindik, gaur egun, ezkutatzearen eta ukatzearen atalasea gainditu ez duten gertaerak ziurtatzeko bidea.

Torturaren Biktimen Nazioarteko Egunaren atarian, datorren ekainaren 26an, kasu honek oraindik erakusten du zein egoera hasiberrian dagoen zazpi hamarkadatan zehar Euskal Herrian milaka pertsonei modu latzean eragin zien gaitz baten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa.

Instituzio publikoek, bai gobernuak, bai botere judizialak, ezin diote entzungor egin Estatuaren biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari.

Datorren abenduaren 20an 75 urte beteko dira EAJ-PNVko militantea zen erresistente antifrankista hau hil zela. Une egokia bere familiak minaren kapitulu luze hau bere erreparazioarekin itxi dezan, bai instituzionalki –legez merezi duena–, bai judizialki.