GEBEHATOKIAK NAZIO BATUEN ERAKUNDEKO GIZA ESKUBIDEEN BATZORDEAREN TXOSTENA BIDALI DIE EUSKADIKO ETA NAFARROAKO ERAKUNDEEI

Txiki eta Otaegi – Alonso jaunaren hitzak Batzordeak adierazitakoaren kontrako norabidean doaz eta Nazio Batuek onartutako estandarrek definitutako neutraltasun irizpideetatik urruntzen dira

Joan den uztailaren 18an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak argitara eman zituen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen 144. bilkura-aldiko ondorioak eta gomendioak. Bilkura-aldi horiek uztailaren hasieran egin ziren, Genevan, eta Espainiako Erresumari azterketa egin zitzaion, Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Itun Unibertsalean oinarrituta hartutako betebeharrak betetzeari dagokionez.

Lehenengo prentsa-oharrean eta uztailaren 24ko prentsaurrekoan, dokumentuari buruzko gure irakurketa argitaratu genuen, non uste genuen GEBehatokitik Genevara eraman genituen kezka gehienak aipatutako txostenean jaso zirela.

Nazioarteko instantzien kezka handia gero eta ozenago errepikatzen da: 6.000 tortura- biktima inguru aitortzea, biktima horiek erreparazioan eta egiaren bilaketan laguntzea, tortura- delituak ikertzea preskripzio-mugak altxatuz, 1977ko amnistia-legea baliogabetzea, Estatuak eskubideak urratu zituztenen zigorgabetasuna betikotzen duena, eta abar.

Baina, gainera, gero eta indar handiagoz eskatzen dute Espainiako Gobernuak bete ditzala giza eskubideen arloan nazioartean dituen betebeharrak, eta hori, argi eta garbi, ez da egiten ari, “ostrukaren politika” aplikatzen baizik.

Egoera horren aurrean eta itundutako ekintza batean, Amnistia Internazionalak txosten hori estatuko erakundeei bidali die; Iridiak, Giza Eskubideen Defentsarako Zentroa, kataluniarrei bidali die, eta, honen bidez, jakinarazi nahi dugu GEBehatokiak aipatutako txostena Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Iruñeko eta Gasteizko parlamentuei, Gogora Institutuari eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Arartekoei bidali diela.

Euskadiren eta Nafarroaren kasuan, Nazio Batuen txosten irmo baten aurrean erakundeek duten isiltasunak harritzen gaitu, Espainiako Gobernuak nazioarteko betebeharrak ez betetzearen biktima diren herrialde honetako milaka herritarri eragiten baitie.

Txostena bidaltzearekin batera, erakunde bakoitzari galdetu diogu horren inguruko balorazioa egiteko eta zer ekintza egiteko asmoa duten Espainiako Estatuak beharrezko neurriak har ditzan, betearazleak edo legegileak izan, azkenean, emandako gomendioak betetzeko.

Txiki eta Otaegi. Gure hausnarketa

Uda honetan Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegiri frankismoaren biktima izateari uko egitean sortu den polemikari dagokionez, Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok horri buruz egindako adierazpen onartezinekin bere une gorena hartu zuen polemika, azpimarratu nahi dugu Giza Eskubideen Batzordeak berak txosten honetan ohartarazi zuela frankismoaren krimenak oraindik zigorgabetasun-baldintzetan daudela, eta biktimek ezin dutela errekonozimendua, erreparazioa eta justizia eskuratu.

Zehazki, Komiteak salatu zuen “Gerra Zibilean eta diktadura frankistan egindako Giza Eskubideen urraketa larriek ez dutela inolako zigor-jarduketa eraginkorrik eragin”. Egiaztapen horren aurrean, Espainiari eskatzen dio “behar diren neurri legegile guztiak eta bestelakoak hartzeko, bermatzeko ez zaiela aplikatuko ez amnistia, ez preskripzioa Gerra Zibilean eta diktadura frankistan izandako giza eskubideen urraketa larriei, eta debeku hori zorrotz bete dadila praktikan”.

Gure ustez, Alonso jaunaren hitzak Batzordeak adierazitakoaren kontrako norabidean doaz; izan ere, Batzordeak dei egiten du “erantzukizunak aitortzeko, egia argitzeko […] eta memoria babesteko ahaleginetan jarraitzeko”, eta Nazio Batuek definitutako Giza Eskubideen estandarrek zehaztutako neutraltasun-irizpideetatik urruntzen dira, Eusko Jaurlaritzak eta Gogorak jarduera- esparru bakartzat izan beharko lituzketenak.

GEBehatokiak berretsi egiten du Txikik, Otaegik eta Estatuko beste hainbat biktimak egia, justizia eta erreparaziorako dituzten eskubideak osoki eraginkorrak izan daitezen egiten duen lana, eta bere esku dauden ekimen guztiak hartuko ditu eskubide horiek bermatzeko.