Iratxe Sorzabal auzia

Berriro ere, Iratxe Sorzabalen kasuarekin, bide guztietatik ezkutatu nahi izan duten errealitatearen gainean egia inposatzen da. Tortura, estatu praktika sistematiko bat izan dela, kondenak eusteko tresna ezinbestekoa, espetxe zigor larriak ezartzeko bidea.

Egi honek bidea egiten ari da, poliki-poliki, eta epai hau horren erakusle argia da. Auzitegi Nazionalak, urte luzetan zehar tortura onartuta lan egin duen salbuespenezko epaitegi antiterroristak, ebidentziaren aurrean makurtu beharra du. 


Tortura, existitzen da. Iratxe Sorzabal torturatua izan zen. Baina orduan, badago galdetu beharreko zerbait: nortzuk izan ziren torturatzaileak? Non dira elektrodoak aplikatu zioten horiek? Non, sexualki erasotu zutenak? Hilko zutela mehatxatu zutenak? Non daude egitate hauen egileak? Ezin ahaztu dezakegu tortura ez dela delitua bakarrik, nazioarteko legedian gizartearen aurkako krimen bezala tipifikatuta dago. Non daude? Nortzuk dira?


Momentu honetan, GEBehatokian aukera ezberdinak baloratzen gabiltza, Iratxe Sorzabalen atxiloketa, galdeketa eta torturan parte hartu zuten guardia zibilen aurka salaketak nola eraginkor egin.

Gertaerak 2001ekoak badira ere, Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon direnez, preskripzio epeekin apurtu beharko lukete. Gainera, egitate hauek epaigarriak izan beharko lukete, nazioarte mailan duten larritasunagatik. Ez dira barne edo etxeko arazoez ari; tortura, nazioarteko komunitate osoa izutzen duen errealitatea da.

Horrela, Espainiako ordena judizialean ez bada, babesa bilatu beharko dugu nazioarteko erakundeen aurrean. Nazio Batuetako organoak prest daude Gizateriaren aurkako gertaerak ikerketarik gabe eta erabateko zigorgabetasunean gera ez daitezen. Ezin da inpunitatea onartu.

Onartezina da Estatuak honen aurrean ez erreakzionatzea. Epaile eta fiskalek ezin dute entzungor jarraitu torturaren eta tratu txarren praktikaren konstatazioaren aurrean. Onartezina da, Sorzabalen aurkako torturak egiaztatuak izan direnean, epaitegi penal baten aldetik, inpunitate edo zigorgabetasunaren beloa zabaltzea eta zigor-arloko epaitegien aldetik ikerketa sakonik ez zabaltzea. Ez litzateke ulergarria izango.Espainiak epaitegiek erreakzionatzen ez badute, nazioarteko bideari ekingo dio GEBehatokiak. Iratxe Sorzabalek jasandako oinazeak egia eta justizia osoa izan arte aukera guztiak agortzeko prest gaude, tartean, noski, akusazioa ireki eta hala behar bada, egileen zigortzea bilatu. Iratxe Sorzabal eta gainontzeko torturatuek jasandako oinazearen inguruan egia eta justizia bilatu.