HAMALAU ELKARTE MEMORIALISTAK ERREKURRITU EGIN DUTE GOGORA INSTITUTUAREN ERABAKIA, URRIAREN 12AN FAXISTEI GASTEIZEN JARDUTEA AHALBIDETU ZIETEN POLIZIA-OPERATIBOAK EZ IKERTZEKOA

Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko 9/2023 Legea urratzeagatik ikerketa bere gain hartzea txalotu arren, desadostasuna agertu dute “arau-haustea egitea eragozteko” legezko betebeharra bete ez zuen ekintza polizialaren aurrean inhibitzeagatik.

Harrerak emandako datuetan oinarrituta, GEBehatokiak Nazio Batuen Erakundeari jakinarazi zizkion baldintza oso gogorretan zigor luzeak bete ondoren askatutako pertsonek jasan behar dituzten zailtasunak

Zeregin hori Administrazio Publikoek bultzatu beharko lukete, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegi zorrotz eta bakarretik, eta birgizarteratze-prozesuen erabilera politiko oro alde batera utzita.

GEBehatokia- Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik jakinarazi nahi dugu Nazio Batuek, Giza Eskubideen Kontseiluaren (ACNUDH) 60. bilkura-aldian, Harrera elkarteak egindako lanaren beharra eta garrantzia aitortu dutela. Izan ere, Harrera elkartearen lanak zigor oso gogorrak bete ondoren askatutako pertsonek aurre egin behar dieten zailtasunei buruz jardun du.

Kontseiluak Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoari (GENBGK) eskatu zion azterlan sakon bat egin zezala1, gomendio praktikoekin, atxiloketatik askatutako pertsonen eta askatasunaz gabetzen ez duten neurrien mende dauden pertsonen giza eskubideei eta gizarteratzeari buruz. Helburua zen printzipio gidariak garatzen jarraitzearen onurak ebaluatzea, alderdi interesdun nagusiekin egindako kontsultetan oinarrituta, eta txostena Kontseiluari aurkeztea, aztertzeko, bere 60. bilkura-aldian, zeina Genevan egin baitzen, 2025eko irailaren 8tik urriaren 3ra bitartean.

Horretarako, adituek, gizarte zibilak eta biktimek parte hartzeaz gain, ACNUDHk “Call for input” bat, Nazio Batuen mekanismoa, argitaratu zuen iazko martxoan, gizarte zibilaren ekarpenak jasotzeko. Hala, txostena 87 ekarpenen azterketan oinarritzen da, eta material hori eskuragarri dago Nazio Batuen webgunean.

Osabideak elkarteko kide diren osasun-arloko profesionalen laguntzarekin eta Harrerak emandako datuekin, GEBehatokiak erantsitako ekarpena aurkeztu zuen. Bertan, euskal presoek askatasuna lortu ondoren aurre egin beharreko zailtasunak laburbiltzen dira, bai eta, askotan 20 urtetik gorako espetxe-zigorrak bete ondoren, gutxieneko kalitate-parametroekin bizitza erraztu dezakeen erakunde-laguntza eskasa ere.

Hain maila altuko txosten batean aipatuak izatea, txosten horren iturrietako bat izanik, kolektibo horren alde egiten den lanaren bultzada handia da.

Estatuei egindako txostenaren gomendioen artean, euskal kasuan eragin berezia duten honako hauek nabarmendu nahi ditugu:

1.- Birgizarteratze-ekimenak integralak, iraunkorrak, inklusiboak eta indibidualizatuak izatea, eta eragin handiena duten pertsonen beharrei erantzutea. Gainera, atxiloketatik askatutako pertsonek edo askatasunaz gabetzen ez duten neurrien eraginpean daudenek dituzten oztopo iraunkorrak eraginkortasunez lantzen laguntzen du, bereziki estigma, diskriminazioa eta bazterketa.

2.- Birgizarteratze-programa eraginkorrenek dimentsio anitzeko ikuspegia hartzen dute, eta berehalako nahiz epe luzeko beharrei heltzen diete. Horrek barne hartzen du liberazioaren aurreko plangintza sendoa, oinarrizko premiak asetzea, hala nola elikadura, etxebizitza eta arreta medikoa, eta enplegu aukerak lortzea. Programa eraginkorrek errestaurazio komunitarioa ere sustatzen dute, diskriminazio sistemikoari heltzen diote eta diseinuan eta inplementazioan esperientzia propioa duten pertsonak inplikatzen dituzte. Familiaren parte-hartze eraikitzaileak, emakumeentzako genero-ikuspegia duten estrategiek eta herri indigenentzako oinarri kulturala duten ikuspegi komunitarioek are gehiago hobetzen dituzte emaitzak. Funtsezkoa da ebaluazio- esparru sendoak dituzten programek beste batzuek baino berrerortze-tasa nabarmen baxuagoak izatea, eta horrek nabarmentzen du ebidentzian oinarritutako eta eskubideak berresten dituzten berrintegrazio-estrategien garrantzia.

3.- Arau-esparrua dagoen arren, birgizarteratzea giza eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin ezartzeari buruzko orientazioa behar da. Orientazio praktiko argia behar da, giza eskubideen arauak eta estandarrak, erakundeen gaitasuna, borondate politikoa eta eragindako pertsonek politiken diseinuan duten parte-hartze esanguratsua praktikan jartzeko moduari buruz. Gizarteratzeko ahaleginak zatikatuta egoten dira, ez dute behar adina funtsik eta gizarte zibilaren mende egoten dira gehiegi, eta espetxean egon diren pertsona askok laguntza karitate gisa ikusten dute, eskubide gisa ikusi beharrean.

Nazio Batuen gomendio horiek berretsi egiten dute Harrera egiten ari den lana, zehazki elkarte horrek kolektibo horri laguntza egokia emateko egiten duen ahalegina, txosten honetan ondorioztatzen den bezala.

Aurten 15 urte beteko dira Aieteko adierazpenetik. Prozesu hori, bere zailtasunekin, Nazio Batuen DDB parametroetan (Desarmatzea, Desmobilizatzea eta Berrintegratzea) oinarritu da. Nazioarteko komunitateak egiaztatutako armagabetze zibila, ETAren desegite osoa eta kohesionatua, eta, bere zailtasunekin, presoen eta iheslarien auzia konpontzeko esparrua izaten ari den berrintegrazioa. Izan ere, euskal DDB eredua Nazio Batuen erreferentzia bat da gatazkak konpontzeko, Kurdistanen kasuan ikusten ari garen bezala.

Baina lan hori guztiz arrakastatsua izan dadin, GEBehatokian uste dugu lan hori Administrazio Publikoen inplikazio handiagoarekin bultzatu eta sustatu beharko litzatekeela, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegi zorrotz eta bakar batetik, eta birgizarteratze-prozesuen erabilera politiko oro alde batera utzita.

Askatasuna lortzean, parametro horietatik bakarrik erantzun ahal izango zaie pertsonen behar ugariei eta desberdinei.

Eranskinak:

• GEBehatokiak aurkeztutako txostena, Osabideak elkarteko kide diren osasun- profesionalen laguntzarekin.

• Txostena ingeleraz (eta itzulpena gazteleraz).