40 gazteen mezua.

Absolbitu gintuztenean konponbideak 40 militante irabazi zituela esan genuen, eta urte hauetan guztietan hala izan gara, eta izango gara.

Gutariko gehienak Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu gintuen, eta denok tortura basatiak jasan genituen. Zortzi Frantziako eta Italiako poliziek atxilotu gintuzten, horien kasuan ez zen torturarik izan. Datu argia da, gure absoluzio sententzian ere Espainiako salbuespenezko auzitegiak berak nabarmendu behar izan zuena.

Gure atxiloketak agindu zituen epaileak torturaren izua aurrez aurre ikusi zuen, bere bulegotik pasa ginelako banan bana inkomunikazio aldi gogorra igaro ostean. Beste alde batera begiratu zuen orduan, eta jarraitzen du begiratzen. Gaur, Espainiako Barne Ministroa da eta bere izena Fernando Grande Marlaska da.

Torturaz ari garenean ez gara ari iraganeko etapa bati buruz, orainari buruz baizik. Izan ere, egin ziguten horrek, biziraun dugun horrek, sendaezinak diren zauriak uzten ditu eta 2026an ere, torturak hil egiten du, torturak Iker Aristu hil du.

Konponbidea eta zigorgabetasuna ezin dira eskutik joan, eta torturak ezinbesteko lagun inpunitatea izan du. Torturatu gintuzten poliziek izan dutena, tortura agindu edo ahalbidetu duten epaile eta arduradun politikoena. Zigorgabetasun erabatekoa.

Garaian Espainiako auzitegietan salatu genuen egin zigutena, eta inork ez zigun entzun nahi izan. Berriro joko dugu atea: egin zutena aitortzeko exijitzen diegu. Ez dugu etsiko, herri honek egia osoa merezi duelako, herri honetan denok merezi dugu egia eta justizia, salbuespenik gabe, eskubide guztiak pertsona guztiontzako.

Behar diren ate guztiak joko ditugu egia osoa argitara atera dadin, eta berriro gerta ez dadin.