Josu Mugica Ayestaranen kasuan, defentsaren artxibo nagusiko sumarioaren aurrez pentsatutako suntsiketa salatzen dugu 

Josu Zabala Erasunen kasuan, epaileak Datuak Babesteko Legea eta Sekretu Ofizialen Legea baliatu ditu artxibo horien eskaerari uko egiteko.

Amaitzen ari den legegintzaldian, berriro ere, kemen politikoa falta izan da estatu sakonari aurre egiteko; izan ere, estatu sakonak inpunitatea bermatzen jarraitzeko ahaleginari eusten dio.

Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legeak, 27. artikuluan, estatu- kolpeari, Gerra Zibilari eta frankismoaren diktadurari buruzko artxibo-agiriak eskuratzeko eta kontsultatzeko eskubidea aitortzen du. Eskubide horrek biktimak eta haien senideak ez ezik, ikertzaileak eta, oro har, gizartea ere babesten ditu. Eskubide horren barruan sartzen dira artxibo-funtsak zuzenean kontsultatzea eta kopiak zein ziurtagiriak eskuratzea.

Hain zuzen ere, joan den asteartean jakin genuen Ministroen Kontseiluak Arturo Ruiz Garcíaren hilketari buruzko polizia-txostenak desklasifikatu dituela. Ruiz ikaslea eta igeltseroa zen, 19 urtekoa, eta 1977ko urtarrilaren 23an hil zuten Madrilen, talde ultraeskuindar bateko kideek. Orain arte Polizia Nazionalaren Informazio Komisaria Nagusiko artxiboetan gordeta zeuden agiriak datozen egunetan emango dizkiote familiari.

Erabaki hori txalotzen dugu, eta espero dugu salbuespen hutsa ez izatea eta neurri hori orokortzea; izan ere, berme handiak eskaintzen dituen artikulu horrek oztopo handiak ditu praktikan aplikatzeko.

Lehen oztopoa 1968ko Sekretu Ofizialen Lege frankista da. Legegintzaldia amaitzear dagoela, deitoratu behar dugu, beste behin ere, hainbat saialdiren ondoren, apirilaren 5eko 9/1968 Legeak bere horretan jarraitzen duela. Berriro ere, kemen politikoa falta izan da inpunitatea bermatzen jarraitzeko ahaleginean ari den estatu sakonari aurre egiteko.

Bigarren oztopoa gure esperientzia bera da. Aurreko bi alditan salatu ditugu artxiboak eskuratzeko zailtasunak, Txomin Letamendiren1 eta Josu Zabala Erasunen2 kasuetan.

Gaur, beste bi gertakari salatu behar ditugu. Josu Mugica Ayestaranen eta Josu Zabala Erasunen kasuen inguruan abiatutako ikerketa-lanaren barruan, Giza Eskubideen Euskal Behatokiak –GEBehatokiak– hainbat kudeaketa egin ditu. Memoria Demokratikoaren Legeak aitortutako bi biktima dira, eta, teorian, lege horrek dokumentazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen die.

Gaur, bi kasuetan agerian geratu dena azaldu nahi dugu: Estatuko Segurtasun Indarretako kideek izan duten inpunitatea.

Josu Mugica Ayestaran judizioz kanpoko exekuzio baten biktima izan zen Madrilen, 1976ko uztailaren 30ean, poliziaren tiroen ondorioz. Operazio horretan Mikel Lejarza agente infiltratuaren parte-hartzea egiaztatuta dago. Lejarza Defentsako Goi Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea zen, eta ETAko kideen aurrean «Gorka» ezizena erabiltzen zuen; Espainiako zerbitzu sekretuetako lankideen artean, berriz, «El Lobo» izenez ezagutzen zuten.

2024an aurkeztutako kereilak bide judizialean jarraitzen du, Madrilgo 12. Instrukzio Epaitegian, 3242/24 Aurretiazko eginbideen zenbakiarekin. Epaitegiak izapidetzeko onartu zuen, eta hainbat ikerketa-ildo ireki zituen. Horietako bat bi dokumentu aurkitzea zen.

Horretarako, instrukzio-epaileak dokumentazioa eskatu zien gertakarien garaian ikerketa-espedienteak ireki zituzten bi organoei:

  • Madrilgo 12. Instrukzio Epaitegiari, Madrilgo 6. Epaitegi Militar Iraunkorraren 292/75 prozedurari buruzko dokumentazioa eskatzeko.
  • Madrilgo 12. Instrukzio Epaitegiari, 91/1975 sumarioari buruzko dokumentazioa eskatzeko.

Salatu nahi dugu epaitegiak berak egindako ikerketaren ondoren egiaztatu dela eskatutako dokumentazioa desagerrarazi egin dutela.

Defentsako Artxibo Nagusi eta Historikoak emandako erantzunean honako hau aitortzen da: «292/75 sumarioari dagokion jatorrizko espedientea ez dago artxibo honetan gordetako dokumentu-funtsen artean, gure aurkibideak eta inbentarioak berrikusi eta aztertu ondoren».

Bestalde, 91/1975 sumarioaren kasuan, dagokion artxiboak epailearen lehen probidentziari erantzunez adierazi zuen «sumario hori ezin izan dela aurkitu».

Epaileak hiru aldiz eskatu die dagoeneko dokumentazioa aurkitu ezin izanaren arrazoiak azaltzeko, eta, gaur-gaurkoz, urtebete igaro ondoren, epaileak azalpenaren zain jarraitzen du.

Josu Zabala Erasun, Irungo bizilaguna, Guardia Zibilak hil zuen Hondarribian, 1976ko irailaren 8an. Irungo Auzitegiko 4. Plazan izapidetzeko onartutako borondatezko jurisdikzioko prozedura judizialaren esparruan, epaileari eskatu genion Coruñako (Ferroleko) Epaitegi Militarrari aurreko eskaeran emandako dokumentuak eskatzeko. Kasu hartan, inolako zentsurarik gabe eman zituzten.

Gure harridurarako, epaileak eskaera ukatu du, honako argudio hauek erabiliz: «Datuak babesteko legediaren aurkakoa» dela eta «sekretu ofizialen arloan aplikatzekoa den araudiaren aurkakoa» dela, «legez mugatuta egon daitekeen informazioa eskuratzea edo zabaltzea ekar dezakeen neurrian».

Ildo horretan, azpimarratu nahi dugu arbitrariotasun larria dela bi biktimek —Espainiako Gobernuak biak aitortuak— beren espedientearen artxibo osoa eskuratu ezin izatea, legeak hala bermatzen dien arren.

Josu Mugica Ayestaranen kasuan, salatu nahi dugu ez gaudela dokumentu bat administrazio-prozedura arrunt baten bidez ezabatzearen aurrean, erabakia dokumentatuta geratzen den kasu baten aurrean, alegia. Dokumentu judizialak suntsitzeko erabaki politiko baten aurrean gaude, erantzukizunak ezkutatzen saiatzeko hartutako erabaki baten aurrean.

Salbuespena, konstituzioaren eta nazioarteko giza eskubideen zuzenbidearen estandarren arabera modu murriztailean interpretatuta, ezin da erabili gizateriaren aurkako krimenei buruzko dokumentazioa ezkutatzeko. Krimen horiek preskribaezinak eta amnistiatu ezinak direla aitortzen du Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legeak berak.

Gainera, artxibo ofizialak eskuratzeko eskubidea ukatzen jarraitzen zaie, eta horrek biktimizazio berria eragiten die. Horri gehitu behar zaio epaile gehienek Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legea aitortzeari uko egiten diotela, Konstituzioaren aurreko 46/1977 Amnistia Legeari men eginez. Horrela, kereilak eta haien aurkako errekurtsoak ezesten dituzte, frankismoaren garaiko kriminalak ikertzea eta, hala badagokio, epaitzea eragozteko.